Real Sociedad de Fútbol Sociedad Anonima Deportiva (euskaraz, Reala eta Erreala izenez ezaguna) Donostiako eta Gipuzkoako futbol talde nagusia da.
Historian zehar Lehen Mailako taldea izan da, denboraldi gehien-gehienak bertan eman dituelarik. 2009. urtean bere mendeurrena ospatu zuen, eta hurrengo urtean, lehen mailara igo zen azken aldiz gaur egun arte, hiru denboraldiz bigarren mailan egon ondoren. Espainiako Ligaren bederatzi talde txapeldunen artean dago, bi aldiz txapelketa lortu duenez 1980ko hamarkadaren hasieran, eta beste hiru aldiz txapeldunorde. Halaber, Errege Kopa hirutan eskuratu du, eta beste 5 aldiz finalista izan da. Europar txapelketetan, UEFA/Europa League-an bederatzi aldiz aritu da eta Europako Kopa/Champions League-an lautan.
Espainiako Ligaren sailkapen historikoan 8. postuan da. Athletic Clubekin areriotasun handiko harremana mantentzen du, euskal derbien bidez. Azkenik, Espainiako selekziora jokalari gehien eman duen seigarren taldea da historian zehar.
Zubietako kirol-instalakuntzetan entrenatu ohi da eta Anoeta estadioan jokatzen ditu etxeko partidak.
Izena
Taldeak bere historian zehar honako izen ofizialak izan ditu:
Futbola Donostian lehenbizikoz XX. mendearen hasieran Ingalaterran ikasi eta herrialde hartan kirol hori ezagutu zuten euskal ikasleek sartu zuten. 1902an Donostian jokatzen hasi zen eta 1903an jada serioski hartua izan eta San Sebastian Recreation Club hiriko txirrindularitza elkarteak futbol taldea osatu zuen. Honela, hori-berde koloredun kamiseta eta galtza beltzadun gazteak Ondarretako hondartzan futbolean jokatzen ikus zitezkeen. Jatorrizko talde horren eraginez beste zenbait euskal talde sortuak izan ziren, tartean Vasconia Sporting Club, Small F.C., Athletic Club, Easo F.C., C.D. Fortuna, Amaikak Bat eta Cantábrico.
1907an donostiar futbola fase antolatuago batean sartu zen, Sena anaien eskutik, eta Elosegi, Arrillaga, Dorda, Etxebarria eta abarrekin batera S.S. Recreation Club taldearen eszisioa sortu zuten: San Sebastián Foot-ball Club. Talde hau hiriaren koloreak erabiltzen hasi zen, alegia, kamiseta txuria eta galtza urdinak, baina ez zuen bere jabetzako zelairik, hortaz Atotxako udal belodromoa Club Ciclista San Sebastián taldearekin elkarbanatu beharren izan zen, aurrez belodromoan beretzat bakarrik zuen taldea.
1908koirailaren 21ean belodromoaren erabilpen elkarbanatuak bi taldeen batasuna ekarri eta talde berriaren sorrera eragin zuen: Ciclista Foot-ball Club, Federico Ferreirós presidente zela. Beste euskal, espainiar eta atzerritar taldeen aurkako garaipenek txirrindulari taldea Espainiako Futbol Txapelketan izen ematera bultzarazi zuen. Txapelketa honetan izen eman ahal izateko, Club Ciclista de San Sebastián izendapena erabili zuen, Ciclista F.C. taldea baina zaharragoa baizen, eta txepelketaren antolakuntza ez zuen talde berriek izen ematerik uzten. Eskualdeko Txapelketan irundarrak kaleratu ondoren, apirilaren 4ean Txapelketako lehen partidua irabazi zuten, Athletic Club bilbotar taldea 4-2 garaituz, finalerdietan Galicia F.C. taldea 2-0 emaitzaz garaitu, eta denen harridurarako finalera iritsi eta Madrilen Club Español de Madrid taldeari 3-1 emaitzarekin irabazi zion[1]. George McGuinness ingelesa izan zen txapelketa hartako goleatzaile nagusia, hiru partidatan sei gol sartu baitzituen.
Hasierako urteak
Taldea 1909koIrailaren 7an sortu zen ofizialki, Adolfo Saenz presidente zela. Sociedad de Foot-Ball de San Sebastián izena izan zuen. 1910ekootsailaren 11n, Alfonso XIII.a Espainiako erregeak Errege titulua eman zion taldeari, "Real Sociedad" bihurtuz. Club Ciclista-ren presidentea zen Mr. Comet-ek ez zuen bazterketa batere gustura onartu eta Realak beste tituluren bat sekula ez zuela irabaziko iragarrik zuen. 70 urtez iraun zuen madarikazioak: Mr. Comet-en madarikazioa deitu zitzaion, Zamorak, 1981ean Gijon-en partiduko azken minutuan sarturiko golarekin amaitu zena.
1910 urtean Vasconia Sporting izenarekin berriz ere finala jokatu zuen Errealak baina Athletic-ek 1-0 emaitzaz irabazi zuen. 1913kourriaren 5eanAtotxa estadioa inauguratu zen. Urte berean Kopa finalera iritsi zen Erreala baina FC Barcelonak garaitu zuen. Hiru partida jokatu behar izan zituzten, aurrenekoak 2-2 eta bigarrenean 0-0 egin baitzuten. Azkenean kataluniarrek 2-1 emaitzaz gainditu zuten Erreala. 1918koapirilaren 25ean Gipuzkoako Federazioa sortu zuten, presidentea Salvador Diaz Iraola zela (Benito Diaz ospetsuaren anaia zena). Federazioak Gipuzkoako Txapelketa antolatu zuen Errege Kopa jokatu behar zuen taldea aukeratzeko. Txapelketa honek 1919 eta 1940 artean iraun zuen eta Erreala eta Real Uniónen arteko lehia ikusgarriak izan ziren. Real Unión 8 aldiz nagusitu zen eta Erreala 6 aldiz. Errege Kopa jokatzen zuen Gipuzkoako txapeldunak.
1923an Lippo Hertzka hungariarra hasi zen taldea entrenatzen, eta bera izan zen modu profesionalean aritu zen lehenengoa.
1928an hirugarren Kopako finala jokatu zuen, oraingoan Santander-ren, eta berriz ere FC Barcelonaren aurka galdu zuen. 1928an bertan Espainiako futbol liga txapelketa abiatu zen eta Erreala liga honen hamar talde sortzaileetako bat izan zen. Lehenengo liga hartan Errealak laugarren postuan amaitu zuen baina golegile nagusia Paco Bienzobas jokalari txuri-urdina izan zen. Errealak izan duen "pichichi" bakarra da.
Donostia F.C.
1931 urtean Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen. Honen ondorioz kirol taldeek Errege titulua kendu beharra izan zuten beren izenetik eta Errealak Donostia Foot-Ball Club izena hartu zuen. Ez zen taldearen garai onena izan, 1930-31ko Ligan hirugarren egin bazuen ere hurrengo ligatan eskasago ibili zen eta 1935ean bigarren mailara jeitsi zen.
1940. hamarkada: Igogailuko taldea
Espainiako Gerra Zibilaren ondoren Real Sociedad izena berreskuratu zuen eta Ligari bigarren mailan berrekin zion eta hurrengo urtetan mailaz igo eta jeisten aritu zen. Horregatik "Igogailuko taldea" ezizena eman zitzaion. Birritan Errege Kopako finalerdietara iritsi zen. 1941ekourtarrilaren 8an, Errealak partida batean inoiz sartu duen gol kopuru handiena lortu zuen, Valladolidi 14-2 irabazi baitzion. 1946-47 denboraldian Benito Diaz entrenatzaileak "WM" sistema ingelesa lehenengo aldiz erabili zuen, Espainiako Ligan ezaguna.
1950. hamarkada: Lehen mailako taldea
1951ko maiatzaren 27an Errege Kopako finalera iritsi zen eta hirugarrenez FC Barcelonaren aurka jokatzea tokatu zitzaion, eta berriz ere partida galdu zuen, 3-0 emaitzaz. Hamarkada honetan lehen mailako taldea izan zen. 1952 urtean J.M. Perez Medranok Errealaren 500. gola sartu zuen Ligan.
1957an San Sebastián Club de Fútbol harrobiko taldea sortu zuen, aurrerantzean "Sanse" izenaz ezaguna izan dena. Helburua lehenengo talderako jokalariak lantzea zuen. Espainiako ligan hau egin zuen aurreneko taldea izan zen.
1961-62 denboraldian ligan 15. gelditu eta maila galdu zuen. Bost urte igaro zituen Bigarren Mailan. 1967ko apirilaren 23an lortu zuen lehen mailarako igoera. Andoni Elizondo zen entrenatzailea. Puertollanoko Calvo Sotelo taldearen kontra jokatu zuen partida mitikoa bihurtu zena eta Puertollanoko igoera izenaz ezagutu zen gertakari hori. Partida gaizki hasi zen, Calvo Sotelo 2-0 aurreratu baitzen. Bigarren zatian Boronatek gola sartu zuen eta 81. minutuan Arambarri arrasatear gazteak berdinketako gola sartu zuen, horrela taldearen igoera lortuz. Handik aurrera Erreala lehen mailan sendotu zen eta urte askotan "azken igoera" bezala ezagutu izan zen harik eta 2007an berriz bigarren mailara jaitsi zen arte.
Urrezko aroa
1968an 14. egin zuen ligan baina hurrengo urteetan taularen erdialdetik gora finkatu zen. Denboraldi honetan bertan Rafael Mendilucek Errealaren Ligako 1000. gola sartu zuen. 1973-74 urtean 4. egin zuen eta hurrengo urtean aurreneko aldiz Europako txapelketa batean hartu zuen parte. UEFA Kopako lehen itzuliko partida Baník Ostrava talde txekiarraren kontra jokatu zuen Kanporatua izan zen. Atotxan 0-1 emaitzaz galdu zuen eta Txekian 4-0 egin zuen. Ligan ordea berriz ere 4. postua lortu zuen eta hurrengo urtean ere UEFA Kopn jokatu zuen. Lehen itzulian Grasshoppers Zürich garaitu zuen eta final 1/16-tan Liverpool FC tokatu zitzaion aurkari. Partida biak galdu bazituen ere Europako talde handi batek Atotxan jokatu zuen aurreneko aldiz.
1979-80 denboraldian, Alberto Ormaetxea entrenatzaile zuela, partidarik galdu gabeko errekorra lortu zuen Ligan: 32 norgehiagoka, hain zuzen ere, denboraldi berean eta 38 guztira. Ez zuen ordea Liga irabazterik lortu azken partidan Sevillaren aurka 2-1 galdu baitzuen, Sevillak bi jokalari gutxiago zituela. Europako errekor handiena izan zen urte askotan zehar.
1982an bigarren Liga txapelketa eskuratu zuen, azken partida Athletic-en aurka Atotxan jokatuz. 2-1 emaitzaz nagusitu zen. Superkopa ere irabazi zuen Real Madril 4-1 emaitzaz garaituta. Uda hartan Espainian jokatu zen Munduko Futbol Txapelketa eta Errealeko jokalari ugari izan ziren Espainiako selekzioan. Selekzioak ordea ez zuen arrakastarik izan. Hurrengo urtean Errealak Europako Kopa jokatu zuen. Finalerdietan Hamburger SV taldea izan zuen aurkari. Atotxan 1-1 emaitzaz berdindu zuten eta Alemanian 2-1 galdu zuen eta finalik gabe gelditu zen. Hamburgotarrak izan ziren urte hartako txapeldunak.
Urrezko aroa 1980. hamarkada amaierararte luzatu zen 1987 eta 1988an jokaturiko Errege Kopako finalekin. 1987an Zaragozan jokatu zuen Atletico Madrilen aurka eta 2-2 berdindu ondoren penalti jaurtiketetan lortu zuen Errege Kopa irabaztea. J. B. Toshack galestarra zuen entrenatzaile eta Liga irabazi zuten jokalariekin batera harrobiaren emaitza berriak ziren taldean, Txiki Begiristain eta Lopez Rekarte adibidez. 1988ko finala FC Barcelonaren aurka jokatzea tokatu zitzaion. Erreala faboritoa bazen ere laugarren aldiz galdu zuen talde kataluniarraren aurka. Alexankok sartu zuen partidako gol bakarra. 1989an UEFA Kopako final laurdenak jokatu zituen baina VfB Stuttgart talde alemaniarrak penalti jaurtiketetan garaitu zuen. Urte berean Juan Antonio Larrañagak Errealaren 2000. gola sartu zuen.
1990. hamarkada: Atzerritarrak Errealean
XX mendearen amaiera aldera Ligako taldeak jokalari atzerritarrez betetzen hasi ziren eta Errealak ere ezin izan zuen egoera ekidin. 1989ko udan jokalari ugarik taldea utzi zuten alde berean, Begiristain, Lopez Rekarte, Bakero, Loren, Iturrino eta Lopez Ufartek. John Aldridge izan zen aurreneko atzerritarra, bi denboraldi egin zituen taldean eta 33 gol sartu zituen. Hurrengo urtean Dalian Atkinson eta Kevin Richardson etorri ziren baina ez zuten arrakasta bera izan. 1993 urtean Anoeta estadioa inauguratu zuen.
Hurrengo urtean jokalari aldaketa ugari izan zen eta harrobia indartu beharrean atzerritarrez bete zen taldea. Nortasuna galtzea ekarri zuen honek eta 2007an maila galdu zen 40 urteren ondoren. 2009an Errealak taldearen sorreraren mendeurrena bigarren mailan zegoela ospatu zuen Real Madrilen aurkako lagunarteko partida batekin. 2010eko ekainaren 13an lehen mailara itzultzea lortu zuen.
2012-13 denboraldian laugarren postua eskuratu zuen Philippe Montanier entrenatzaile frantsesaren eskutik eta Txapeldunen Ligara sailkatu zen berriz ere. Hurrengo denboraldian Ligaxka fasetik ez zen pasa baina Ligan 7. postuan amaitu zenez UEFA Koparako sailkatu zen. Aspaldiko partez Errege Kopan final erdietara iritsi zen eta beti bezala FC Barcelonak kanporatu zuen.
Ezustean entrenatzaile frantziarra joan ondoren, Jagoba Arrasatek hartu zuen taldearen ardura. Emaitza onak lortzeko helburuaz abiatu zuen denboraldia baina UEFA Kopatik uste baino lehenago kanporatua izan zen eta denboraldi gorabeheratsua izan zuen Errealak. Hurrengo urteetan ere bide beretik jarraitu zuen.
Urte batzuen buruan, azken jardunaldian Europa Leaguerako txartela eskuratu zuen errealak, Celtaren aurkako partidua irabazi eta gero seigarren postua lortuz. Final hamaseirenetan Salzburg talde austriarrak kanporatu zuen. 2018an Asier Garitano entrenatzaile bergararra fitxatu zuen baina emaitzaz ez ziren esperotakoak izan eta abenduan kaleratua izan zen. Imanolek hartu zuen taldea eta azken jardunaldirarte Europan sartzeko lehian egon bazen ere denboraldia eskasa izan zen.
Hurrengo denboraldia ordea, Roberto Olabek fitxaketekin egin zuen lan izugarriaren ondoren, Martin Odegaard, Alexander Isak, Portu eta Alex Remiro fitxatuz, denboraldi polita egin zuen errealak. Ligan 6. postuan amaitu zuen, eta 33 urtean lehen aldiz kopako finalera sailkatu zen, hau Covid-19 pandemiaren eraginez hurrengo urtera atzeratuz. Koparen final hori 2021eko apirilaren 3an jokatu zen eta Real Sociedadek 1-0 irabazi zion Athletici.
2022-23 denboraldian laugarren postua lortu zuen eta hurrengo urtean Txapeldunen Ligan jokatuko zuen berriz. Ligaxkako faseanaurreko urteko txapelduna egokitu bazitzaion ere, Milango Inter, multzoburu sailkatu zen. Final zortzirenetan PSG-ren aurka jokatu zuen eta frantziarrak nagusitu ziren. Bestalde Errege Kopan final aurrekoetara iritsi zen eta penalti jaurtiketatan Mallorca nagusitu zitzaion. Ligan seigarren egin zuen eta Europa Leaguerako sailkatu zen, Europako txapelketatarako bosgarren aldiz jarraian sartu zen beraz.
Ekipamendua
Lehen ekipamendua: sortu zenetik, jantzi berbera eraman du taldeak: elastiko zuri-urdina eta galtza zuriak. Galtzerdiak bakarrik aldatu dira; batzuetan, zuri-urdinak; besteetan, urdinak.
Bigarren ekipamendua: behin baino gehiagotan aldatu du bigarren jantzia. Normalean, guztiz urdina da, baina gorria, berdea eta laranja ere jantzi izan ditu. 2006-2007 denboraldian, lerro horizontal beltz eta urdinez osatutako elastikoa jantzi zuen, galtza beltzak eta galtzerdi urdin-beltzak zituela.
2007-2008. urtean Amets Bat ekitaldia sortu zen Realean, gazteriak taldea animatzeko eta jarraitzeko bideratutako ekitaldiz osatua. Horri ere ereserkia egin zitzaion:
Anoetako Futbol Zelaia 1993koabuztuaren 13an inauguratu zuten. 32.000 pertsonarentzako tokia du. Zelaia 105 m. luze da eta 70 m. zabal. Futbolerako ez ezik, atlestismorako ere prestatuta dago. Realak partida ofizialak bertan jokatzen ditu, baina entrenatzeko Zubietako zelaiak erabiltzen ditu, Lasarteren ondoan. Bertan, saskibaloi kantxak ere daude, baita errehabilitaziorako eremua, proiekzio aretoak eta gimnasioa ere. UEFAk kategoria goreneko estadio izendatu zuen eta Champions Leagueko finalak antolatzeko gai da.
Lehenagoko estadioak
Atotxa: Realaren jarraitzaileen zelairik maitatuena, ziur aski, eta 75 urtean taldearen estadioa izan zena.
Ondarreta: Realaren lehen zelaia, Donostiako Antigua auzoan. San Sebastian Recreation Club taldeak, Errealaren aurrekaria zenak, inauguratu zuen 1906an.
Jarraitzaileak
CIS erakundeak 2007an egindako inkesta baten arabera, Osasuna taldearekin berdinduta, Espainiako 11. futbol taldea da, jarraitzaileen kopurua kontuan hartuta. Inkestaren arabera, Espainiako biztanle guztien % 1,3 dira realzaleak, eta beste % 1,5ek gustuko dute Reala, baina ez lehen talde gisan.[2]
2008ko martxoan Realaren aldeko 108 peña zeuden, honela banatuta:[3]
UEFAko Txapeldunen Liga: 1983an finalerdietaraino iritsi ziren. Guztira bost aldiz jokatu dute Europako Kopan edo Champions League-an, azkena 2024an.
UEFA Europa League: 1989an final-laurdenetaraino iritsi ziren. Guztira 13 aldiz jokatu dute UEFA Kopan edo Europa League-an, azkena 2023an, eta behin Europako Errekopan.
Espainiako ligan jarraian galdu gabeko partiden errekorra: 38 partida (1978-79 denboraldiko 29. jardunalditik 1979-80 denboraldiko 32. jardunaldira bitartean).
Partida ofizial batean lorturiko emaitzarik onena lortu zuen 1941ean: Real Sociedad 14 - Valladolid 2.
Taldeko entrenatzaile garrantzitsuenen artean, hasierako urteetan Benito Diaz (1926-1930 eta 1942-1951) azpimarratzekoa da. 13 urtez Reala zuzentzen egon zen, estatistika bikainarekin. Halaber, 1946an "WM" sistema lehen aldiz erabili zuen Espainiako Ligan.
John Benjamin Toshackgalestarrak ordezkatu zuen aulkian, bertan zortzi urtez egonda, tarteka. Berarekin, 1987anErrege Kopa irabazi zuen, eta hurrengo urtean Liga eta Kopako txapeldunordea izan zen. 1989anUEFA Kopa-ko final-laurdenetaraino iritsi ziren txuri-urdinak berarekin.
Urte batzuk geroago, Raynald Denoueixfrantziarrak kargua hartu zuen, 2002an. Ez zen taldera iritsi momentu errazetan, aurreko urteetan bigarren mailara jaisteko zorian egon baitzen, baina 2003an Ligan txapeldunordea izatea lortu zuen.
2014koazaroanDavid MoyeseskoziarrakJagoba Arrasate entrenatzaile gisa ordezkatu zuen, aurretik Everton F.C taldean hamaika urtez ibilbide oparoa eta ospea bereganatu eta ondoren Manchester United taldean zortzi hilabetez laburrez eta zorterik gabe jardun zuen entrenatzaile ospetsua. Moyesek urtebete baino ez zuen eman Realeko entrenatzaile gisa, 2015eko azaroaren 9an kargutik kendu[4], eta Eusebio Sacristán entrenatzaile jarriz[5].
Emakumezkoen belar hockeya: 1932an sortua, sekzio hau izan da guztien artean arrakastatsuena historia osoan, nahiz eta hemen bazter batean agertu. Lorpen handiena eskuratu zuten 2019ko apirilean, Europako Txapeldunen Koparen finalera iritsita (Amsterdamen aurka 7-0 galdu arren).[6]
7 aldiz irabazi dute Espainiako Liga txapelketa (1992/93, 1997/98, 1998/99, ?, ?, 2012/13 eta 2013/14an) eta 3 aldiz Erreginaren Kopa (1986/87, 1993/94 eta 2001/02an). Aretoko hockeyan, aldiz, 4 aldiz izan dira txapeldunak (1976/77, 1980/81, 1991/92 eta 1997/98an).
Gizonezkoen belar hockeya: 1916 inguruan abiatua. Palmares oparoa dauka sekzioak, baina ez emakumezkoena bezain distiratsua: Gipuzkoako Txapelketa (1960/61, 1961/62, 1964, 1965, 1966/67, 1976/77, 1981/82, 1982/83, 1983/84 eta 1985/86), Euskal Kopa (1928, 1929/30), Errege Kopa (1919), Espainiako txapelketa (1929/30).
Pilota: Besteak beste, Realeko hurrengo pilotariek ospea lortu dute historian zehar: Jesus Gurrutxaga, Juan Cruz Artola, Lucio Unanue, Jose Eugenio Fernandez, Ramon Ezkurdia, Oscar Herrera eta Javier Letamendia.
Urpeko jarduerak: 1968an abiatuak. "Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa" delako zinemaldia antolatzen dute urtero, Europa mailan ezaguna dena.
Dopatze polemika
2021eko martxoaren 28an, Jordi ÉvolekLa Sexta telebista katean Eufemiano Fuentes espainiar kirol doktoreari egin elkarrizketan, doktore horrek, kirolarientzako dopatze substantziak kudeatzen zituela aitortu ez ezik, onartu zuen harremanak izan zituela 2002-2003an Jose Luis Astiazaranekin, Erreala ligan bigarren geratu zen sasoian.[7]
Urte horretako bere kontabilitate idazpen batean "cuentas Asti" agertzen da, eta 42.070 euroko diru kopurua, gerora Badiolak plazaratu zuen Real Sociedaden B kontabilitate bateko diru kopuruarekin bat datorrena ("compra de medicinas"). Kontabilitateko beste bi idazpen ere bat zetozen. Eufeminiano Fuentesek berretsi egin zuen datu horiek zuzenak zirela, eta ondorioztatu zitekeela berak harreman horiek izan zituela Astiazaranekin.[7]
Erreferentziak
↑Origenes del Futbol en San Sebastián. Real Sociedad. Lafutbolteca.com (Gaztelaniaz)
↑(Gaztelaniaz) Barómetro de mayo de 2007. Centro de Investigaciones Sociológicas.
↑Peñas de la Real Sociedad. Real Sociedad (Noiz kontsultatua: 10 de febrero de 2010).
↑Komunikatu ofiziala: David Moyesek Realeko entrenatzaile izateari utzi dio
↑"Reala, Europako txapeldunorde" (Berria, 2019/04/23).
↑ ab(Gaztelaniaz)«¿Tuvo que ver Eufemiano Fuentes con que la Real Sociedad quedara segunda en la Liga 2002- 2003? Así responde a Évole» LaSexta 2021-03-28 (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).